Club Vasco de Camping sortu zela 50 urte betetzen diren honetan, elkartearen historia biltzen saiatu gara, jaio zenetik gaur egun arte. Bazkideak dira protagonista nagusiak aldizkari honetan, izan ere, beraiek izan baitira bakoitzari egokitu zaion garaian, eta gehienetan talde lanean, beren ahalegin eta ardurarekin, historian zehar elkarteak izan dituen lorpenak erdiesten lagundu dutenak.
Zuzendaritza Batzordeari, berrogeita hamar urteurrena dela eta, bost hamarkada hauetan bizi izandako Klubaren historiaren oroimenezko artikuluak egitea bururatu zitzaion aldizkariaren aurtengo hiru zenbakietan. Baina azkenean, Rosa Egurenek egindako ikerketa bikainari esker, aspaldian argitaratutako kronikak berreskuratuz eta bazkideekin hitz eginaz, ahalegin eta dedikazio berezi bat behar izan badugu ere, monografiko hau argitaratzea lortu dugu, idatzizko eta argazkiz osatutako informazio zabala eskainiz. Zurekin batera geureganatu nahi dugun klubaren oroimen historikoa da.
Mende erdiko gertaera nabarmenenak jaso nahi izan ditugu. Emaitzarekin oso gustura geratu gara. Egin dugun lanak bere fruituak eman ditu eta bazkide askoren ekarpenak eskertu behar ditugu, asko izan baitira ale honetarako bere oroitzapenak eskaini dizkigutenak.
Nahiz eta gehien aipatzen direnak, beren lorpenekin klubaren historia areagotu dutenak izan, ez gara ahazten elkarteak dituen bazkide anonimo horiez guztiez, hainbestetan entitatea ordezkatu dutenak eta Club Vasco de Camping-en armarria harro eramaten duten bazkide horiez guztiez alegia. Denak izan dira garrantzitsuak adin honetara iristeko. Jabetzen gara seguruena biografia berreskuratzeko lan zail honetan norbait ahaztuko zitzaigula. Horrela izan bada, barkamena eskatzen dugu.
Aldizkari honek 1950. urteko maiatz hartan kluba sortzeko ekimena bideratu zuten gazte berritzaile haien omenaldi eta errekonozimendu izan nahi du. Baina, era berean, mendizaletasunari ilusioz eusten lagundu dioten ondorengo kide guztien errekonozimendu ere izan nahi du, eskiarekin batera, Club Vasco de Camping-en ardatz nagusi izan dena. |